
Getariako Txakolina ibilbideak: 1. Getaria – Askizu – Getaria
Getariako Txakolina JDko mahastien arteko ibilbideei hasiera emango diegu. Bertako upategiak kokatuak dauden inguru zoragarria ezagutzeko, mahastien arteko ibilaldiez gozatzeko eta, nola ez, Getariako Txakolina dastatzeko aukera paregabea, gure esentzia.
Getaria – Askizu – Getaria ibilbidea (ibilbide zirkularra)
Getariako Txakolina JDren bulegoa eta Getariako Turismo bulegoa kokatuak dauden lekutik irtengo gara (herriaren sarreran), eta Donejakue Bideko gezi horiei jarraituko diegu Herrerieta kalea zeharkatzeko. Aldapa igo eta amaieran biribilgune txiki bat aurkituko dugu. Bertan, ibilbide honetako lehenengo bi upategiak daude kokatuak: Gaintza eta Akarregi Txiki, Getariako Txakolina JDko upategiak.
Biribilgune horretan ezkerrerantz biratu, bi upategi hauek eskuinetara utzi eta bideari jarraitu Ulacia upategia dagoen tokiraino. Bertan, GI3391 errepidea (Aizpurua upategira eta Getariako Meagas auzora doan errepidea) gurutzatuko dugu Getariako hilerrirako norabidean.
Hilerria eskuinetara utzita, bide estu batean sartuko gara. Pixka bat aurrera egin eta Txomin Etxanizeko Gurutze upategiarekin topo egingo dugu. Eskuinetara utzi eta Eitza baserrira iristean eskuin aldera egin. Eitzaga auzoan azalduko gara, Santa Barbara pasealekura.
Hau oso paseo polita da. Pixka bat aurrera eginez, Ameztoi eta Txomin Etxaniz upategien artean Getariara bista bikainak dituen begiratoki bat aurkituko dugu.
Santa Barbara pasealekuaren amaieran bi aukera ditugu: zuzen jarraitu eta Zarautzera jaitsi edo Askizutik Getariara itzuliko garen bidea hartu. Guk bide hau hartuko dugu, gainera, mahastien artetik igarotzen da zati haundi batean.
Beraz, eskuinaldeko aldapa hartu (Zingira), Elkano upategia igaro eta Meagas gainera iritsiko gara. GI 3391 errepidea gurutzatu (Meagas auzora doana) eta Askizu eta Zumaia aldera doan bidean sartuko gara. Tarte honetan mahastiak ikusteko aukera paregabea izango dugu. Asfaltozko bidearekin topo egiten dugunean, eskuinetara jarraitu eta bidegurutze batera iritsiko gara. Eskuinera egingo dugu. Ezkerreko bideak Artadiko San Miguel auzora (Zumaia) eramango gaitu.
Aurrera jarraitu mahastien artetik Askizu auzoraino.
Askizutik jaisteko bi aukera ditugu:
Aterpetxearen eta frontoiaren arteko errepide berria (hortik Gañeta eta Agerre upategien ondotik igaroko gara) edo errepide zaharra, elizaren ondoan. Aukera hau aukeratu eta zuzen jarraituko dugu beti.
San Prudentzio auzora doan bidegurutzera iritsi aurretik (ezkerretera), Urki upategira doan bidea aurkituko dugu eskuinetara. Guk zuzen jarraituko dugu, asfaltozko jaitsiera bateraino (Loidi baserria), harik eta Getariara, gure ibilbidearen amaierara, zuzenean garamatzan galtzadarekin topo egin arte.
INFORMAZIO GEHIAGO:
Getaria - Askizu - Getaria ibilbidea:
Deskargatu PDF
Getariako Txakolina JDko upategi bisitagarriak:
Web orrian (sakatu "ikusi upategi bisitagarriak)