Antzinatik egon dira nolabait ere babestuta ardoa, eta, beraz, mahastiak. Izan ere, 1397. urtean Getarian egin zen Gipuzkoako Ermandadearen Batzar Orokorrean onartu zirenGipuzkoako lehendabiziko ordenantzak, eta 18. puntuan xedatu zen heriotza-zigorra izango zuela mahastiak suntsitzen zituenak.
XVI. eta XVII. mendeetan mahastigintza garatu egin zen eta 1509. urteaz geroztik, gutxienez, bazen Donostian mahatsondoak inausten zituen gremio bat (Podavineak), 400 gizonez osatutakoa. XVIII. mendea izan zen tokiko protekzionismo handieneko garaia, baina mahastizainari laguntzeko baino gehiago probintzia babesteko, Gipuzkoara ardoa ekartzeak jario handia baitzekarren
Protekzionismoko garaia izan bazen ere, Gipuzkoako ekialdeko mahasti gehienak desagertu egin ziren eta XIX. mendean mahasti kementsuak Zarautz, Getaria, Zumaia, Deba eta Mutriku udalerrietan baino ez zeuden, eta horiek 250 hektarea hartzen zituzten.
Eta hala, XIX. mendearen amaieran gertatu zen txakolin-mahastien benetako krisia, besteak beste, arrazoi hauengatik: lege protekzionistak pixkanaka indargabetu egin ziren, kanpoko ardoak ekartzen ziren eta zenbait izurrite eta gaixotasun izan ziren (mahats-zorria eta gorrina).
XX. mendea bizirik irauteko garaia izan zen: 80ko hamarkadan 21 hektarea mahasti baino ez zeuden (Jatorri Deituren Institutu Nazionalaren katastroa). Hektarea horietatik 3 Zarautzen zeuden eta gainerakoak Getarian; mahastiak txikiak ziren eta mahastizain gutxi batzuek kudeatzen zituzten. Horiek guztiek bat egin zuten sektorea berritzearen alde, mahastiak zein upategiak berritzearen alde, jatorrizko deitura lortu nahi baitzuten, eta hala lortu zuten, azkenean, 1989an.