2. Ibilbidea: Zarautz – Zudugarai Gaina – Txurruka – Zarautz (Ibilbide zirkularra)
“Getariako Txakolina ibilbideak” ataleko mahastien arteko bigarren ibilbidea. Ibilbide zirkularra da, Zarauztik irteten da, mahastien artean igarotzen da eta itsasorako aparteko panoramikak ditu. Getariako Txakolina JDko hiru upategietatik igarotzen den ibilbide ederra. Prest? Aurrera!
Zarauzko Asti futbol zelaiko biribilgunetik (AP-8 autopista azpian dagoena) emango diogu hasiera 8´20 km neurtzen dituen ibilbide zirkular honi. Ibilbide hau egiteko beharko dugun denbora gutxi gorabehera 2´45-3 ordu izango dira eta ibilbidean 3 upategietatik pasatzeko aukera izango dugu, Getariako Txakolina JDko upategiak.
Biribilgunean, futbol zelai aldera jarri begira eta ezkerretara joko dugu. Jarraitu zuzen bide honen amaiera arte eta bukaeran bidegurutze batekin topatuko gara. Bidegurutzean eskuinetara jo eta asfaltozko bidea jarraituko dugu N-634 errepidea eta trenbidea ezkerretara ditugularik.
Ibilbidea hasi eta 800 bat metrotara mendi bidexkan sartuko gara. Tarte honetan bideak gorantz egiten du baina ez du galbiderik. Aurrera jarraitu eta bidearen bi aldeetara ibilbide honetako lehenengo mahastiak ikusteko aukera izango dugu, baita lehenengo upategia ere, Zudugarai. Upategia pasa bezain laster GI-2631 (Aia) errepidera aterako gara, Zudugarai Gainara hain zuzen ere. Guk N-634 errepidea gurutzatuko dugu eta aurrean ikusten dugun mahastiruntz zuzenduko gara. Bidexka batean sartuko gara eta bihurgunean eskuinerantz jo eta beheruntz jarraituko dugu. Tarte honetan Orioko herria eta bere ibaia ikusiko ditugu goitik begiratuta. Jarraitu bidea eta AP-8 autopista azpitik pasatzean berehala Txurrukara iritsiko gara, Orioko Txurruka Aterpetxera. Bertan, bidegurutze batekin topatuko gara: eskuinetara egiten badugu Txurrukako hondartzan (Oribazar) azalduko gara eta nahi izanez gero Oriora joan gaitezke; guk ezkerreruntz egingo dugu, Txurrukako aldapa igotzeko.
Txurrukako aldapa ospetsua da Zarauzko Triatloiaren ibilbidean. Nahiz eta aldapa izan oso entretenigarria da, mahastiak ikusteko aukera bikaina edukiko dugulako. Aldapa bukatzean Talaimendin azalduko gara. Ezkerretara Talai Berri upategia dago kokatu eta eskuinetara Camping-a. Pixkat aurrera jarraitzen badugu, ezkerretara, (San Martin Ermita) Arregi upategira joateko bidea ikusiko dugu.
Zarautzera jaisteko bi aukera ditugu: Aldapatik (Talaimendi Bidea) edo Malla-Arritik (Mollarri). Gu, gure ibilbidearekin jarraitzeko Mollarritik jaitsiko gara, gainera, bista ederretaz gozatzeko aukera edukiko dugu. Beraz, Malla-Arria jartzen duen gezia jarraituko dugu, eskuinetara. Camping-a zeharkatuz Iñurritzako Biotopoan sartuko gara (mehatxatutako landare eta basanimalien babes eremua). Tarte honetan bideak beheranzko joera hartuko du. Berehala, eskuinetara Malla-Arria (Mea-Zamalekua) ikusiko dugu eta nahi izanez gero bertara jaisteko bidearekin topo egingo dugu. Aurrera jarraitu eta eskailera mordoxka jaitsiko ditugu. Behin behean gaudela, eskuinetara egiten badugu egurrezko pasarelatik Zarauzko hondartza zeharkatzeko aukera izango dugu. Guk ezkerreruntz egingo dugu N-634 errepidera atera arte. Errepidea gurutzatzeko eskuinera egin eta berehala zebra-bidearekin topatuko gara; gurutzatu eta AP-8 autopista norabidean joango gara oinez, trenbidearen azpian dagoen zebra-bideraino. Bidearen beste aldera pasa eta biribilgunean ezkerretara egin (Asti), aurrera jarraituz ibilbidearen amaierara iritsiko gara.
Zarautz - Zudugarai Gaina - Txurruka - Zarautz ibilbidea (ibilbide zirkularra):
INFORMAZIO GEHIAGO:
Zarautz - Zudugarai Gaina - Txurruka - Zarautz (Ibilbide zirkularra):
Deskargatu PDF
Getariako Txakolina JDko upategi bisitagarriak:
Web orrian (sakatu "ikusi upategi bisitagarriak)