Errezeta: Tolosako Babarruna ohiko erara
Nork ez du nahi koilara plater bat urtea amaitzeko? Gure #Gabonakgetariakotxakolina errezetekin jarraitzen dugu. Oraingoan,tristura guztiak kentzen dituen plater bat, Tolosako Babarrunak. Oso erraza da egitea baina pare bat trikimailu ditu lodiak gera daitezen, behar den bezala. Su motelean eta hobeto egun batetik bestera. Horrela prestatzen dituzte Tolosako Babarruneko gure lagunek. Gozatu!
Errezeta: Tolosako Babarruna ohiko erara
Osagaiak 4 lagunentzat:
- Tolosako Babarruna ½ Kg.
- Tipula txiki 1.
- Oliba-olioa 5 koilarakada.
- Gatza.
- 1,5 l. ur gutxi gorabehera.
- Lagungarriak: txerri-haragia, odolkia, txorizoa, saiheskia, urdaia…, aza egosia eta Ibarrako Piparrak.
Egiteko Modua:
Babarrunak eltze batean jarri ur hotzarekin, oliba-olioarekin eta xehe-xehe txikitutako tipularekin.
Eltzea su bizian jarri irakiten hasi arte, gero, sua moteldu eta babarrunak gutxi gorabehera bi ordu t’erdiz makal irakiten eduki. Egiten ari diren heinean, eta beharrezkoa baldin bada, ura botaz joan.
Babarrunak ondo eginda daudenean, gatza bota eta su motelean eduki minutu batzuetan. Jateko atera baino lehen, sutatik kanpora utzi salda loditzeko.
Bakoitzak duen gustu eta irudimenaren arabera. Tradizioa babarrunak eltzean bertan ateratzea da, eta batez ere, txerri-haragia (odolkia, txorizoa, saiheskia, urdaia…) aza egosia eta Ibarrako Piparrak izaten dituzte lagungarri. Getariko Txakolin batekin lagundu behar da.
Tolosako Babarrunak
Tolosako babarrunak lotura handia izan du beti Tolosarekin, eta Herri hori 1256 urtean sortu zenetik bertan egiten den asteroko azokari esker izan da.
Babarrunak "Eusko Labela duten Tolosako Babarrunak" izenaren babesa eduki ahal izateko, hau da, Eusko Label ezaugarriak ematen duen kalitate eta jatorri ziurtagiria, dastatu edo probatzen direnean kalitate Bikainekoak edo Oso Onekoak izan beharko dute eta ondorengo ezaugarriak eta baldintzak bete. Tolosako babarruna ohiko eran egiten da eta ingurumena errespetatuz, inolaz behartu gabe eta eskulan ugari erabiliz.
Babarrunaren kontsumoak garrantzi handia izan du elikaduraren alorreko dieta baten barruan sartzen diren oinarrizko produktuetan, egoskari horren bidez lortzen direlako neurri batean giza elikaduran beharrezko diren landare jatorriko-proteinak.
Horrela ezagutu eta aurkezten da
Tolosako Babarruna ½ kg.ko, 1 kg.ko., eta 3 kg.ko ontzi unitarioetan merkaturatzen da, behar bezala zigilatu eta etiketatuta jatorria eta kalitatea ziurtatzeko. Gordina erosteaz gain prestatua ere eros daiteke. 25 kg.ko zakuak ostalaritzarako bakarrik erabiltzen dira eta errafiazko zaku itxi eta zigilatuetan saltzen da Eusko Labelaren kontrol-ezaugarriarekin.