2022ko uzta: gorputz eta graduazio handiagoa eta azidotasun orekatua
Joan den urtarrilaren 17an Getariako Txakolinaren uzta berriaren aurkezpena egin zen Getarian, gorputz eta graduazio handiagoko txakolina, azidotasun orekatua duena. Iaz baino % 20 gehiago ekoitzita, 4.3 miloi botila inguru merkaturatzea espero da.
Tradizioa den bezala, Getariako Txakolinaren uzta berriaren aurkezpena, Txakolin Eguna, Getariako San Anton egunean egin zen. Getariako Balenciaga Museoan ekitaldi instituzional batekin hasi zen, eta Getariako frontoian egin zen ospakizun herrikoiarekin jarraitu zen. Bertan, inskribatutako 22 upategietako txakolina dastatu ahal izan zen.
2022ko uztaren aurkezpena eta Getariako Txakolina JDko mahastizainei omenaldia
Getariako Txakolinaren 2022ko uztaren aurkezpen ekitaldia Getariako Balenciaga Museoan egin zen, 33. Getariako Txakolina Jatorri Deituraren zigiluarekin merkaturatzen dena.
Nekazaritza, Arrantza eta Elikadura Politikako sailburuorde Bittor Oroz arduratu zen ekitaldiari hasiera emateaz eta Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendari Raúl Pérez ere bertaratu zen. Ondoren, dagoeneko erretiratuta dauden lau mahastizain omendu ziren, gure mahastiak eta upategiak aintzatesten lan egin dutenak:
- Julian Ostolaza Manterola, Getariako GAÑETA upategikoa
- Bixente Eizagirre Aginaga, Zarauzko TALAI BERRI upategikoa
- Inaxio Manterola Ibarguren, Zarauzko SANTARBA txakolina egiten zuena
- Javier Arregi Liciaga, Arrasateko KATAIDE upategikoa (Bere alaba, Ixiar Arregi, bertaratu zen ordezkari gisa)
Jabier Larrañaga, Ekonomi Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua, izan zen garaikurren banaketa egiteaz arduratu zena.
Mahasti Jaun 2023
Uztaren aurkezpena ere egun seinalatua da Mahasti Jaun ( Mahastietako Jauna) entregatzen delako, Getariako Txakolina Jatorri Deiturak txakolinaren, gastronomiaren eta euskal kulturaren alde lan egiten duten pertsonei ematen dien aintzatespena.
Mahasti Jaun Donostiako Pintxo Institutuari egokitu zitzaion aurten pintxoaren kultura berreskuratzeko ekimenagatik eta Donostiako pintxoa mundu mailako erreferente gastronomiko gisa kokatzeko ahaleginagatik. Juan Manuel Garmendiak eta Patxi Bergarak jaso zuten saria, Jatorri Deiturako presidenteEmilio Ostolazaren eskutik.
Getariako Txakolina 2022: gorputz eta graduazio handiagoa eta azidotasun orekatua
Mikel Garaizabal ardo-dibulgatzaileak zuzendutako dastaketa sortzailearekin jarraitu zuen aurkezpenak. Bera, Getariako Txakolinaren uzta berriaren dastaketan parte hartu zutenen gidari izan zen: “gorputz eta graduazio handiagoko txakolina eta azidotasun orekatua”.
Ekitaldian Bizkaiko Txakolina JDBko, Euskal Sagardoa JDBko, HAZI Fundazioko eta Basque Wine-ko ordezkariak izan genituen, baita inskribatutako upategietako ordezkariak ere.
Ospakizunak Getariako frontoian jarraitu zuen. Dastaketa irekia izan zen eta bertan parte hartu zuten 22 upategien uzta berria dastatu ahal izan zen, jai giro lasai batean.
2022koa uzta oparoa izan da, 2021ekoa baino % 20 handiagoa. 4,8 milioi kilo mahats bildu dira; beraz, 4,3 milioi botila inguru merkaturatuko dira. Gainera, Getariako txakolinak errekonozimendua lortzen jarraitzen du mundu mailan, esportazioak, gutxi gorabehera, % 30 hazi dira.
Getariako Txakolina gehiengo haundi batean txakolin zuria egiten da baina txakolin gorriaren elaborazioa haunditzen doa batez ere esportazio-merkaturako, azken hori ekoizpenaren % 10 da.